Europan eta Mediterraneoko

 

Montpellier

RAMON LLULL MONTPELLIEREN

Ramon Llull hainbat aldiz egon zen Montpellierren, Mallorcako erregea, Roselloko kondea eta Montpelliereko jauna zen Jaime II.a bisitatzeko, hiri horretan baitzuen bere ohiko egoitza. Llullek 1275ean egin zuen lehen bidaia, orduan oraindik printze zenari laguntza eskatzeko, Miramarren ekialdeko hizkuntzen eskola eraikitzeko. 1283an berriro joan zen Montpellierrera, eta bertan idatzi zituen Ars demonstrativa lana eta Blanquerna lanaren zati nagusia. 1289an Montpellierren Ars inventiva veritatis lana osatu eta Ramón Jofré (edo Gaufré) frantziskotarren ministro nagusia bisitatu zuen. Hark eman zion Erromako eta Pullako (Italiako hego-ekialdean) komentu frantziskotarrak bisitatzeko baimena.

Montpellierren egon zen berriro 1303ko urria eta 1304ko otsaila bitartean, eta garai hartan Disputatio fidei et intellectus idatzi zuen, beharbada Zipren eta Armenia Txikian izandako eztabaidak oroituz (1301-1302). Genovan hilabete bat eman ondoren Liber de ascenso et descensu intellectus eta Liber de fine, amaitu zituen 1305ean. 1308ko maiatza eta 1309ko udazkena bitartean, berriro Montpellierren egon zen eta 1312ko maiatzean bertatik itzuli zen, Mallorca bisitatzeko. Montpellierreko unibertsitatean eman zituen irakaspenak oso garrantzizkoak ziren, baina gehien harritzen gaituena, bertan idatzitako lan kopurua da: berrogei liburu idatzi zituen.

 

MONTPELLIER, ORDUAN ETA ORAIN

Montpellier Hérault departamentuko hiriburua da, Languedoc-Roussillon eskualdean, Frantziako hegoaldean. Kostaldetik hamabi kilometrora dago. Jatorriz ez da erromatarra; VIII. eta X. mendeen artean sortu zuten eta Aragoiko eta Kataluniako koroarekiko harremanak izan zituen garaian (1204-1350) garrantzi handia lortu zuen merkataritzan. Bertan jaio zen Jaime I Konkistatzailea, eta bere iritziz «unibertsoko hiririk hoberena» zen. Haren seme Mallorcako Jaime II.aren ohiko egoitza izan zen. XII. mendetik aurrera famatua izan zen espezieen merkataritzan eta «garhiofilatum» izeneko ardo espeziatuaren ekoizpenarengatik. 1382an Frantziako koroak behin betiko bereganatu zuen hiria.

Erdi Aroan harresi sendoez inguratuta zegoen, eta Richelieu kardinalak (1585-1642) haiek eraistea agindu zuen; Erdi Aroko eraikuntza hartatik Pinuen dorrea (XII-XIV. mendeak) eta Babotakoa (XIV. mendea) kontserbatzen dira. Saint-Pierre katedralak (XIV. mendea) bi dorre nabarmen ditu. Montpellierreko unibertsitatea, 1200ean eraikia, Frantziako zaharrenetarikoa da, Medizina fakultatea, batez ere; sinesmen guztietako jakintsuak jasotzen zituen, eta handik pasa ziren Nostradamus, François Rabelais, Arnau de Vilanova eta Ramon Llull bera ere.

 

Ramon Llullen aipamenen

 
«Gizon harroak ez du bere burua ezagutzen ezta beste gizakiak ere»
 

Ramon Llull mezuak

 
Ramon Llull, gaur egungo informatikan oinarrizkoa den pentsamendu konbinatorioaren aitzindaritzat hartua izan da.
 

Azken sorkuntzak