Europan eta Mediterraneoko

 

Messina

RAMON LLULL MESSINAN

1313ko maiatzean, laurogei urte zituen Ramon Llull, Mallorcatik Messina (Sizilia) aldera abiatu zen. Irlako errege zen Federiko II.a bisitatu zuen. Aurretik, De novo modo demostrandi liburua erregeari eskaini zion. Federiko erregea, Aragoiko erregearen anaia eta Mallorcakoaren eta Napoleskoaren koinatua, izpiritualista frantziskotarren iritziz (Arnau de Vilanova buru zela)  buruzagi ameslari eta itsasoz beste aldean egin zitezkeen konkisten aldeko abenturazalea zen. Llull urte batez egon zen Messinan (1314ko maiatzera arte) hango gorteak eskaintzen zuen giro kultuaz, teologikoaz eta mistikoaz inguraturik. Baina Siziliako erregearen aldetik lorturiko laguntza eskasa izan zen. Zahartzaroan erabat sartuta egon arren, Llullek lan asko egin zuen Messinan, hiriko juduei predikatzen aritu zen, eta hogeita hamar lan idatzi zituen, haien artean Llibre de consolació d’ermità. Halaber, Afrikako lurretan egin beharreko bere azken misioaldia prestatu zuen. 

 

MESSINA, ORDUAN ETA ORAIN

Messina, «Siziliako atea» deiturikoa, irlaren hiriburua da. Italiatik bereizten duen izen bereko itsasartearen ondoan dago. 468an bandaloek erromatarrei kendu zieten hiria, eta gero ostrogodoek, Belisariok, arabiarrek (842) eta normandoek (1060) konkistatu zuten. Bezpera Siziliarren matxinadaren (1282) ondorioz, hiria Aragoiko eta Kataluniako Pedro II.aren eskuetara pasa zen. Palermorekin batera, administrazio katalanak zuen zentro nagusia izan zen Italiako hegoaldea hartzen zuen Siziliako erresuman. Garai hartan, seiehun itsasontzi jasotzeko gaitasuna zuen Messinako portuak oso une aberatsa bizi zuen.

Messinan erromatarren hainbat nekropoli kontserbatzen dira, eta baita zenbait eliza kristau ere. Horien artean daude katedrala edo Santa Maria Assunta duomo (bizantziarra, XII. mendean berreraikia) eta Annunziata dei Catalani eliza (XII. mendea, Neptunoren tenplu baten gainean egina). Messinako monumentu gehienak berriro eraiki behar izen ziren, 1783ko eta 1908ko lurrikaren ondoren, (azken horri, hiria ia osorik suntsitu zuen tsunami batek jarraitu zion) eta 1943ko bonbardaketen ostean.

 

Ramon Llullen aipamenen

 
«Dakizuna ez dakizuna baino gutxiago denez, ez ezazu gehiegi hitz egin»
 

Ramon Llull mezuak

 
Ramon Llull Mediterraneoko hiri nagusietara joan zen, eta hiri horietan, bere garaiko aita santuekin eta erregeekin hitz egin zuen.
 

Azken sorkuntzak