Europan eta Mediterraneoko
Avignon
RAMON LLULL AVIGNONEN
Ramon Llull sarritan joan zen Avignonera. 1309an Avignongo lehen aita santuaren babesa bilatu zuen, Lurralde Santuetara joateko prestatzen ari zen gurutzadarako. Aita santuaren babes hori Frantziako Felipe Ederrarekin izandako harreman onei esker lortu zuen; erregeak Ramon Llull «vir bonus, justus et catholicus» (‘gizon ona, zuzena eta katolikoa’) izendatu zuen.
AVIGNON, ORDUAN ETA ORAIN
Probentzako hiri hori Rodano ondoan dago, Paristik Mediterraneora doan bide naturalean. Erromatarrek Avennio deitzen zuten hiria oso toki estrategikoan eta babestuan zegoen, eta oso toki egokia zen Italiako hiri-errepubliken komunikaziorako; horrela, merkataritza indartu zen eta klase burgesa eratu zen. Burges horiek Saint-Beneseteko zubi erromanikoa (XII. mendea) eraiki zuten; katedral erromanikoa ere garai berekoa da. 1198az geroztik, Avignonek gobernu autonomoa zuen, baina 1290ean Karlos Anjoukoaren eskuetan geratu zen.
Aita santuaren egoitza izan zen 1309tik 1377ra arte. Hori oso ona izan zen hiriko ekonomiarako. Gaur egun, aita santuen luxuzko jauregi gotikoa miretsi ahal da, oso handia (15.000 m²), bi txandatan eraikia: jauregi zaharra (1334-42), zistertarra eta forma latzak dituena, eta jauregi berria (1342-1352), apaindura gehiago dituen estilo gotikoan egina. Erdialde historikoa Humanitatearen Ondare izendatu zuen UNESCOk 1995ean.